
Basquevoltek eta Battera Technologiesek errendimendu handiko aplikazio aeroespazialetarako belaunaldi berriko bateria-soluzio integratuak garatzeko lankidetza estrategikoa iragarri dute
Basquevolten litio-metal zelulen teknologia Batteraren bateria-sistemen arloko esperientziarekin uztartuz, aliantzaren helburuak 2027rako, 500 Wh/kg-ko muga gainditzea eta Europan fabrikatutako aeroespazio-sektorerako bateria-soluzioak merkatura eramatea dira.
Vitoria-Gasteiz / Irun, 2026ko urria. Basquevolt S.A., litio metalikozko egoera solidoko baterien teknologian Europako erreferentea eta energia-dentsitate handiko zelulen fabrikatzailea, eta Battera Technologies S.L., bateria-sistema aurreratuen garapen, fabrikazio eta industrializazioan aditua, ga
ur iragarri dute aplikazio aeroespazialetarako bateria-soluzio integratuak garatu eta elkarrekin hornitzeko ibilbide-orri estrategiko bat. Aplikazio horiek energia-dentsitate, segurtasun, fidagarritasun eta hornidura europarraren maila altuenak eskatzen dituzte.
Helburu partekatua: Europan fabrikatutako bateriak, mundu osoko errendimendu handiko aplikazioetarako
Aliantza honek bi gaitasun teknologiko osagarri bateratzen ditu: alde batetik, Basquevolten hurrengo belaunaldiko elektrolito eta litio metalikozko zelulen diseinu eta fabrikazioa, gaur egun 400 Wh/kg-tik gorako energia-dentsitateak lortzen dituztenak, merkatuan dauden litio-ioizko zelula komertzialen gainetik; eta, bestetik, Batteraren gaitasunak bateria-sistemen garapen, fabrikazio eta industrializazioan, baita errendimendu handiko programa aeroespazialetan duen esperientzia ere.
Prestazio horietan oinarrituta, bi enpresek 500 Wh/kg-ko langa datozen hilabeteetan gainditzeko ibilbide-orri argia definitu dute. Mugarri horrek euren soluzio bateratua mundu mailan komertzialki eskuragarri dagoen edozein bateria-sistema aurreraturen aurretik kokatzen du.
«Lankidetza hau urrats erabakigarria da Basquevolten estrategiarentzat, gure teknologia balio handieneko aplikazioetara eramateko. Horietan energia-dentsitatea ez da balio erantsi bat, baizik eta baldintza kritiko bat», adierazi du Pablo Fernández Santosek, Basquevolteko zuzendari nagusiak. «Batterak esperientzia handia du bateria-paketeen garapen, fabrikazio eta integrazioan; horri esker, energia-dentsitate handiko soluzioak industrializazio azkarrarekin eta ekoizpen eskalagarri batekin eskaintzeko aukera dugu. Elkarrekin, oraindik Europan eskalan existitzen ez den zerbait eraikitzen ari gara».
«Batteran uste dugu bateria-soluzio aurreratuen garapenak zelulen garapenaren eta baterien fabrikazioaren arteko lankidetza estua eskatzen duela hasieratik bertatik», azaldu du Javier Llamazaresek, Battera Technologieseko zuzendari nagusiak. «Aliantza honi esker, Basquevolten litio metalikozko teknologia aurreratuak eta zelulen fabrikazio-gaitasunek, Batteraren bateria-paketeen garapen eta fabrikazio esperientziarekin batera, energia-dentsitate handiko bateriak eskaini ahal izango dituzte, aireko plataformen beharretara egokituta eta gaur egun Europan eskuragarri ez dauden ekoizpen-gaitasun eta eskalagarritasun mailarekin».
2027rako aurreikusitako ekoizpen industriala, Europako edukirik handienarekin
Ikerketatik eta garapenetik harago, aliantza hasieratik bertatik industria-eskalako ekoizpenera bideratuta dago. Bi enpresek fasekako industrializazio-plan bat adostu dute, 2027an bateria-soluzio integratuen serieko ekoizpena abiarazteko helburuarekin.
Balio-kate osoa, elektrolitoen eta zelulen fabrikaziotik hasi eta bateria-paketeen integraziora eta sistemen entregara arte, Europan kokatuko da. Bi konpainien iritziz, merkatuan dagoen errendimendu handiko bateria-soluzio parekagarrien artean Europako edukirik handiena izango du.
Aliantza honek baterien arloko Europako subiranotasun teknologikoarekiko konpromiso sendoa islatzen du, Europan ekoitzitako errendimendu handiko bateria-soluzioetarako sarbidea gero eta gehiago lehentasun estrategikotzat jotzen den une honetan.
Basquevoltri buruz
Basquevolt S.A. Europako deep-tech enpresa bat da, litio metalikozko egoera solidoko baterien teknologia garatzen duena, Gasteizko Arabako Parke Teknologikoan kokatua. 2022an sortu zen, eta Europako Berrikuntza Kontseiluaren (EIC Accelerator) zein industria-sektoreko erreferentziazko inbertitzaileen babesa du.
Basquevoltek berezko elektrolito solidoaren teknologia garatu du, edozein katodo-kimikarekin eta gaur egungo litio-ioizko baterien fabrikazio-azpiegiturekin bateragarria dena. Teknologia horrek 400 Wh/kg-tik gorako energia-dentsitateak lortzeko aukera ematen du gaur egungo ekoizpen-zeluletan.
Konpainiak garapen bateratuko akordioak (Joint Development Agreements) ditu Europako automobilgintzako fabrikatzaileekin, tartean Renault Group, eta lankidetza aktiboak ditu sektore aeroespazialean, altitude handiko plataformen (HAPS) arloan eta energia biltegiratze geldikorrean.
Battera Technologiesi buruz
Battera Technologies S.L. Europako enpresa bat da, egoitza Irunen duena, eta sektore aeroespazialerako zein mugikortasun-aplikazio ugaritarako bateria-sistema aurreratuen garapen, fabrikazio eta industrializazioan espezializatua dago.
Konpainiak bateria-paketeen garapen aurreratua eta fabrikazio eta integrazioko teknologietan duen esperientzia uztartzen ditu, industria-eskalako ekoizpenean eta fabrikazio-prozesu eraginkorretan arreta berezia jarriz.
Batterak bezero bakoitzaren eskakizunetara egokitutako bateria-soluzioak eskaintzen ditu, bereziki eskalagarritasuna, fidagarritasuna eta industrializazio azkarra lehenetsiz.
Galderarik?
Hitz egin dezagun.
Prentsa-kontsultetarako, elkarrizketa-eskaeretarako edo hedabideentzako baliabideetarako, gure komunikazio-taldea zure esku dago.